Federazioa Klubak Denda Liga Lehiaketak Txapelketak Berriak Kutxa Txapelketa Loturak
  F E D E R A Z I O A
A R A U D I A K
 
  Aktak
  Batzarkideak
  Zirkularrak
  Deialdiak
  Elo
  Estatutuak
  Inprimakiak
  Zuzendaritza
  Kirol Oroimena
  Araudiak
  Kilometraje

     
 

GIPUZKOAKO BANAKAKO TXAPELKETEN ARAUDIA

1. ATALA.- Partidetza

1. Artikulua.-
Txapelketak hasi aurretik Federzioaren lizentzia indarrean daukaten jokalari guztiek parte hartu ahalko dute.

2. Artikulua.-
GXFk ezarritako epe eta moduan tramitatuko dira lizentziak.

3. Artikulua.-
Gipuzkoako Banakako Txapelketetan parte hartu nahi duten jokalariek GXFk ezarritako epe eta moduan eman beharko dute izena.

4. Artikulua.-
Nork bere mailako txapelketan soilik hartu ahal izango du parte, GXFk maila desberdinetako txapelketak aldi berean jokatzea baimentzen ez badu edo irizpide zabalagoak ezartzen ez baditu behintzat.

5. Artikulua.-
Txapelketan jokatzeko izena ematen duten jokalariek bukatu arte jokatu beharko dute, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

6. Artikulua.-
Edozein arrazoirengatik jokalariren bat txapelketa utzi beharrean izango balitz, kasua lehenbailehen jakinarazi beharko dio epaileari.

2. ATALA.- Antolakuntza

7. Artikulua.-
Gipuzkoako Banakako Txapelketek ondoko mailak izango dituzte: nagusia, lehena, bigarrena, hirugarrena, beteranoak, jubenilak, kadeteak eta partida azkarrena.

 8. Artikulua.-
GXFk antolatuko ditu txapelketak, baina xake elkarteren baten esku ere utz lezake antolakuntza lana, baita pertsona edo entitate pribaturen baten esku ere, betiere ezarritako arauak betetzea bermatuz, eta behar izanez gero hitzarmen bat izenpetuko litzateke.

9. Artikulua.-
Diru-saririk egongo balitz, GXFk emango luke, eta gainerako sariak ere (garaikurrak eta abar) hark emango ditu.

10. Artikulua.-
GXFk diru ordain bat emango die txapelketaren antolatzaileei. Diru kopurua aldez aurretik ezarriko da eta berau lortzeko, txapelketak GXFk ezarritako baldintzak bete beharko dituzte antolatzaileek.

11. Artikulua.-
Txapelketa nagusia, beteranoena, jubenilena eta kadeteena egoitza bakarrean joka daiteke edo hainbat egoitzatan banatu jardunaldiak, baina nolanahi ere txapelketa bakarra izango da.
Txapelketa lasterra egoitza bakar batean jokatuko da, eta bakarra izango da.

12. Artikulua.-
Lehen, bigarren eta hirugarren mailetako txapelketak hainbat eskualde edo egoitzatan jokatu ahal izango dira, betiere baldintza hauek betetzen badira:
•  Batzuetatik besteetara behar besteko distantzia egotea.
•  Gutxienez hamar partaide egotea.

13. Artikulua.-
GXFk tituludun epaile bat izendatuko du Txapelketa Nagusirako, eta Federazioak hartuko ditu bere gain haren gastuak

14. Artikulua.-
Txapelketak jokatzeko egunak GXFk jarriko ditu, eta nahitaez egun horietan jokatu beharko dira partidak.

15. Artikulua.-
Egoitza batean baino gehiagotan jokatzen diren txapelketak Suitzar Sisteman jokatuko dira. Egoitza bakar batean jokatzen diren txapelketak Round-Robin (liga) sisteman jokatu ahal izango dira, partaide kopuruak hartarako aukerarik ematen badu.
Partida azkarren txapelketen joko sistema (banakakoa zein taldekakoa), partaide kopuruaren arabera erabakiko da.

16. Artikulua.-
Txapelketa nagusiaren (gorengoena), 1., 2. eta 3. mailakoen joko erritmoa aurreko taldekako txapelketan erabiltzen den bera izango da.
Kadete, jubenil eta beteranoen txapelketetako joko erritmoa txapelketa nagusian (gorengoena) erabilitako bera izango da.
Partida azkarren txapelketan (banakakoan zein taldekakoan) jokalari bakoitzak bost minutu izango ditu partidako.

17. Artikulua.-
Txapelketa bakoitzak jardunaldi hauek izango ditu:
•  15 jokalari arte, 5 jardunaldi
•  15 jokalaritik gora, 7 jardunaldi

3. ATALA- Antolakuntza

18. Artikulua.-
GXFren banakako edozein txapelketa antolatzen duenak GXFk txapelketa horretarako ezarritako baldintzak bete beharko ditu, bai eta araudi hau ere.

19. Artikulua.-
GXFren banakako edozein txapelketa antolatzen duenak GXFri jakinarazi beharko dizkio emaitzak, sailkapena eta jardunaldi bakoitzeko partidak, partiden eguneko 24:00 orduak baino lehenago, 943474604 telefono zenbakira deituta, eta erantzungailuan mezu bat utzita, edo nahi izanez gero, mezu bat bidalita posta elektronikoz (xake@fgajedrez.org).
Epe horretan informaziorik eman ezean, GXFk antolatzaileari deituko dio emaitzak eskatzeko, eta berehala 28. artikulua aplikatuko du.
 

20. Artikulua.-
GXFren banakako txapelketetan Nazioarteko Xake Federazioak indarrean duen araudia erabiliko da.

4. ATALA.- Lehiaketa Batzordea

21. Artikulua.-
Banakako nahiz taldekako partida azkarren txapelketetan epailearen erabakiak ezingo dira auzitan jarri. Gainerako txapelketetan Lehiaketa Batzorde bat egongo da, honela osatua: GXFko ordezkari bat, hau izango da Batzordearen lehendakaria, eta aurreko denboraldian Taldekako Txapelketako Lehiaketa Batzodean egondako bi kide..

22. Artikulua.-
Partidaren baten gainean edo txapelketarekin lotutako gertaeraren baten gainean erreklamazioa jarri nahi duena, idatziz zuzendu beharko zaio Lehiaketa Batzordeari, eta GXFren egoitzan aurkeztu beharko du hiru egun naturaleko epean, 19:00ak baino lehen, gertaera egunetik kontatzen hasita.

23. Artikulua.-
Lehiaketa Batzordeak bi eguneko epea izango du, erreklamazioa aurkezten denetik kontatzen hasita, aldeko edo kontrako epaia emateko.

24. Artikulua.-
Lehiaketa Batzordeak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Berdinketarik egonez gero, lehendakariaren botoak erabakiko du. Erabaki horiek atzera botaezinak izango dira, kirol diziplinari dagozkion gaiak izan ezik.

5. ATALA.- Zigorrak

25. Artikulua.-
Behin txapelketa hasita jokalari bat agertzen ez bada, edo txapelketatik erretiratzen bada arrazoirik justifikatu gabe baina aldez aurretik epaileari eta GXFri jakinarazita, arau-urratze arina izango da, eta zigor hauetakoren bat ezarriko ahalko zaio:
•  Ohartarazpena.
•  Federazioan lizentzia etete edo indargabetzea gehienez ere hilabete baterako.
•  Gehienez ere 36 euroko isuna.
•  Diziplina organoek egoki irizten badiote, isunarekin batera beste edozein zigor jarri ahal izango zaio.

26. Artikulua.-
Behin txapelketa hasita jokalari bat agertzen ez bada, edo txapelketatik erretiratzen bada arrazoirik justifikatu gabe eta jakinarazi gabe, arau-urratze larria izango da eta zigor hauetakoren bat ezarri ahalko zaio:
•  Federazioan lizentzia eten edo indargabetuko zaio hilabete bat eta hamabiren artean
•  Gehienez ere 75 euroko isuna.
•  Diziplina organoek egoki irizten badiote, isunarekin batera beste edozein zigor jarri ahal izango zaio.

27. Artikulua.-
Antolatzaileak 18. artikuluan jasotakoa betetzen ez badu, GXFk txapelketa antolatzeko ematen dion diru laguntza kendu ahal izango dio.

28. Artikulua.-
Antolatzaileak 19. artikuluan jasotakoa betetzen ez badu, 10 euroko isuna ezarriko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

LEHENA
Lehen, bigarren eta hirugarren mailetako banakako txapelketak irabazteak mailaz igotzeko eskubidea ematen du, ondoko arauei jarraiki:
•  10 jokalarik baino gutxiagok parte hartzen badute, lehen biak igoko dira.
•  11-20 jokalari artean parte hartzen badute, lehen hirurak igoko dira.

c) 21-30 jokalari artean parte hartzen badute, lehen laurak igoko dira. Eta horrela hurrenez hurren.
EXFk bestelako araurik ematen ez badu.
Txapelketaren amaierara arte aritzen diren jokalarien kopurua hartuko da aintzat.

BIGARRENA

Denboraldia hasten den urteko abenduaren 31n 18 urte bete gabe dituzten jokalariak jubeniltzat hartuko dira.
Denboraldia hasten den urteko abenduaren 31n 16 urte bete gabe dituzten jokalariak kadetetzat hartuko dira.
Denboraldia hasten den urteko abenduaren 31n 55 urte beteta dituzten jokalariak beteranotzat hartuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

LEHENA
Araudi honek indarrik gabe uzten ditu maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak. Halaber, indarrik gabe geratzen dira Gipuzkoako bakarkako Txapelketa arautzeko erabili izan diren araudi guztiak. Araudi honetan jaso gabeko kasuetan era honetako txapelketei aplikatzeko GXF, EXF, FEDA eta FIDEren araudiak baliatuko dira, hurrenkera horretan.

BIGARRENA

GXFren Batzar Nagusiak onartu eta biharamunean sartuko da indarrean araudi hau.


Araudi hau, Gipuzkoako Xake Federakuntzak 2006ko otsailaren 26an ospatu zuen Ohiko Batzar Nagusian onartu zen.