|
xakea
Gros, seigarren aldiz txapeldun
Donostiako taldeak irabazi du Euskal Liga, eta Nafarroako taldeek oso lan txukuna egin dute
JOSU TORNAY - DONOSTIA
Aurreikuspenak bete dira, eta Gros Xake Taldeak irabazi du Euskal Liga. Donostiako taldeak 30 puntu lortu ditu, eta Orvinari, Easori eta Sustapen Berauni hartu die aurre. Mario Gomez, Iñigo Argandoña, Patxi Gallego, Santi Gonzalez eta Iñigo Martin aritu dira batez ere Grosen. Cifuentes txiletarrak eta Flear ingelesak partida bana jokatu dute, eta Alberto Andresek bi. Denak ondo ibili arren, Martin donostiar gazteak egindako lana izan da azpimarragarriena: jokatu dituen bost partidak irabazi ditu. Grosek seigarren txapela du, eta Hondarribiko Marlaxka talde historikoaren marka berdindu du. Bide batez, Donostian jokatuko den Espainiako Txapelketarako bi txartel lotu ditu: Ohorezko eta Lehen Mailan. Orvinak, Easok eta Sustapen Beraunek lehia bizia izan dute bigarren postua lortzeko. Erregularrenak nafarrak izan dira, eta bigarren izan dira. Mailari eusteko ere oso borroka polita izan da. Azkenean, Gasteizko San Viatorrek, Subijanako Ruta de Europak eta Bilboko Rey Ardidek galdu dute maila. Hala ere, Rey Ardid talde historikoak mailari eutsiko dio bere bigarren taldea Lehen Mailara igo baita, Iruñeko Oberenarekin eta Sestaorekin batera.
UNAI GARBISU x nazioarteko maisua eta iruñeko orvina taldeko kapitaina
«Oso aberasgarria da Euskal Ligan parte hartzea»
Orvina taldeak lan bikaina egin du aurtengo Euskal Ligan, eta bigarren sailkatu da. Garbisu oso pozik dago taldeak eman duen mailarekin.
J. TORNAY - DONOSTIA
Unai Garbisu (Iruñea, 1975) da Orvina taldeko kapitaina, Euskal Ligako ustekabea aurten. Garbisuk argi du Nafarroako taldeek gora egingo dutela.
Espero zenuten hain lan ona egitea?
Hain maila altuan edozer gerta daiteke. Urte batzuetan goian egon gara, eta beste batzuetan zuloan. Egia esan, txapelketa hasi aurretik ez dugu postu batean sailkatzeko helbururik zehazten. Txapelketa hasi zen eta ondo jokatzen ari ginela konturatu ginen, baina azken momentura arte ez genuen hain postu ona lor genezakeenik pentsatzen.
Noiz eta zelan sortu zen Orvina?
Orvina Iruñako auzo txikia da, Txantrean kokatua. Duela 25 urte, xakezale batzuek auzo elkarteak haurrei xakea erakusteko lokal bat uztea lortu zuten. Horrela hasi ginen Orvinako gazte guztiak. Geroztik, jokalari asko atera gara Orvinatik.
Zein da zuen politika?
Egunero, 18:00etatik 20:00etara ateak irekitzen dizkiogu xakean jokatzen ikasi nahi duen edonori. Ez da ezer ordaindu behar, xakean jokatzeko gogoak izatea da betebehar bakarra. Guraso askok euren seme-alabak ekartzen dituzte xakean jokatzen ikasteko, baita ongi pasatzeko ere bai. Beste haurrekin jokatuta ikasten dute, horrela sartzen zaie zaletasuna. Hori da gure politika. Xakean jokatzeko gune bat izan nahi dugu, bai hasten ari direnentzat baita xake munduan urte asko daramatenentzat ere. Horregatik dira gure klubeko jokalariak hain gazteak: 30 urte baino gutxiago dituzte guztiek.
Gros izan da berriro txapeldun. Epe ertainean Euskal Herriko talderen bat Grosi txapela kentzeko moduan prest egongo dela pentsatzen duzu?
Urrun ikusten dut hori. Agian urteren batean ezusteren bat egon daiteke, baina oso zaila da. Grosek Euskal Herriko jokalari onenak biltzen ditu, eta ez dut ikusten berari itzala egin diezaiokeen talderik. Duela hiruzpalau urte Bilboko Rey Ardid Grosek zuen mailara hurbildu zen, baina orain indarra galdu du.
Datorren urtean Nafarroako bi talde izango dira Ohorezko Mailan eta bat Lehen Mailan. Zein da Nafarroako taldeen benetako maila?
Galdera hau orain 10 urte egin izan bazenit, Nafarroako maila EAEkoa baina askoz baxuagoa zela erantzungo nizun. Orain zalantzarik gabe parekatzen ari gara. Azken urteetan Nafarroako taldeek lortu dituzten emaitzak ikusi besterik ez dago.
Noiz hasi ziren Nafarroako taldeak Euskal Ligan parte hartzen?
Orvina duela zortzi urte hasi zen, baina lehenago beste talde batzuk aritu ziren. Oso interesgarria zelako hasi ginen Euskal Ligan jokatzen. Garai hartan Euskadiko taldeen maila oso altua zen guretzat. Nik uste dut gora egin dugula Euskal Ligan ari garenetik. Oso aberasgarria da.
Batzuk EAEko lehiaketa ofizialetan Nafarroako taldeen parte-hartzearen kontra agertu dira. Zu, nafarra izanda, banakako Euskadiko txapelduna izan zara. Zer duzu esateko?
Ez dut ulertzen. Duela 10 urte Euskal Herrian jokatzen zuten taldeak ez ziren gaur bezain onak, eta ulergarriak izan zitezkeen horrelako kritikak. Egun, nahiko talde garrantzitsua izatea lortu dugu. Nori interesatzen zaio Euskal Herriko bigarren talde indartsuena desagertzea? Hori esaten duenak Euskal Herrian jokatzen den xakearen maila jaistea da lor dezakeen bakarra.
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko jokalariek nahi dute zuek parte hartzea?
Jokatzen dugunean ikusten dudan harrerak esaten dit gehienek guk jokatzea nahi dutela. Orain badago Euskal Herriko xakeari buruzko foro bat Interneten eta irakurtzen ditudan iritzi gehienak gure partaidetzaren aldekoak dira. Lasai nago.
Euskal Herriko selekzioak nazioartekoan zein maila izango zuen?
Olinpiar Joko batzuetan ez ginateke lehen postuetan sailkatuko, baina oso atzera ere ez. Ekialdeko nazioen kontra galdu egingo genuen, hango zaletasuna hemengoa baino askoz handiagoa delako. Baina beste herrialdeen aurka, Italiaren aurka, adibidez, ez.
Nazioarteko Maisu titulua duzu. Hala ere, ez zara profesional egin?
Oso zaila da xaketik bizitzea. Hori eginda, ez nuke egonkortasun ekonomikorik, eta etengabean txapelketaz txapelketa ibili beharko nuke. Egun, xaketik bizitzen direnek jokatzeaz gain beste gauza batzuk egin behar dituzte: eskolak eman, artikuluak idatziÉ eta hori ez zait gustatzen. Nik nire lana dut eta xakea zaletasun. Horregatik, partida bat galtzen dudanean ez dut pentsatu behar zer-nolako galera ekonomikoak izango ditudan.
30 urte dituzu. Zein helburu duzu?
Lehena, nire maila hobetzea. Gero, Maisu Handi titulua lortzea gustatuko litzaidake, baina pausoz pauso joan nahi dut. Ezin badut lortu, ez da ezer gertatuko.
|