Sestao eta Gros dira aurten ere Euskal Liga irabazteko faborito. Bihar hasiko da txapelketa, eta Ohorezko Mailan aspaldiko lehiarik erakargarriena espero da. JOSU TORNAY.

Iruñean, Sestaon eta Aretxabaletan jokatuko dira bihar 2008ko Euskal Xake Ligako lehen partidak (16:00). Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko 1.000 xakelari inguru ariko dira kategoria ezberdinetan. Hamar taldek osatuko dute Ohorezko Maila eta beste hamarrek Lehen Maila. Jokalari gehienak Gipuzkoan -Iparraldeko taldeak horien artean- eta Bizkaian daude goren mailan, lehen, bigarren eta hirugarren kategorietan banatuta.

Ohorezko Mailan historiako torneorik sendoenetariko bat jokatuko da. Gros Xake Taldea da berriro ere faborito nagusia bere zortzigarren liga jarraian irabazteko. Aurten berriro Boris Gelfand izango da euren lehen taula. Israeldarra munduko hamaikagarrena da eta, 2.737 elorekin, bere une onenean dagoela esan daiteke. Munduko ehun onenen artean badaude beste bi jokalari Groseko taldean: Van Wely (37.) eta Zhang (79.). Hala ere, Grosen ohitura da Euskal Liga etxeko jokalariekin jokatzea, eta maila altuko jokalariak beharrezkoa denean bakarrik, eta Espainiako eta Europako txapelketetan erabiltzea. Beraz, espero da Iñigo Argandoña, Santi Gonzalez, Patxi Gallego eta Ivan Muñoz izatea taldeko bizkarrezurra. Donostiarrak Europako onenen artean daude eta Euskal Herrian Sestaok bakarrik ken diezaioke txapela. Naturgas-Sestaok aurten Boris Avrukh israeldarra (munduko 96.a) fitxatu du lehen taularako, eta atzetik Spragett, Conquest, Romero, Gomez, Franco, Gonzalez, Nava, Varas... daude. Conquest, Franco eta Nava dira taldeko nobedadeak.

Beste talde batzuek ere zerrenda politak aurkeztu dituzte aurtengo txapelketarako. Arabako Ruta de Europa Ohorezko Mailara bueltatu da, eta Jesus Iruzubieta berreskuratu du lehen taularako. Alejandro Ruizek eta Cristobal Limeresek ere Ruta de Europa taldean jarraituko dute. Easok urtero talde sendoa aurkezten du eta aurten, adibidez, Libiszewsky eta Cornette izango ditu lehen bi tauletan. Horien atzetik Hernandez, Lakunza, Sanz eta beste batzuk izango dira. Pasai Donibaneko Batallak bere betiko talde sendoa aurkeztu du: Pibe Alonso, Cruz-Lopez, Serras eta Jose Maria Alonso. Goiko postuetan aritzeko borrokan ere Iruñeko Orvina sar liteke. Garbisu nazioarteko maisua izango da lehen taula Nafarroako talde horretan.

MAILARI EUSTEKO LEHIA. Ohorezko maila horri eusteko lehian, hasieratik ematen du Abadiño, Aretxabaletako Arlutz, Santutxuko Zuri-Baltza eta Gasteizko San Viator ariko direla. Talde horiek talde umilagoak dauzkate, baina beste urte batzuetan dagoeneko erakutsi dute inplikazio handiko jokalariekin aritzen direla eta ezustekoa emateko prest daudela. Adibidez, Arlutzek eta Abadiñok iaz lortu zuten, iragarpen guztien aurka, Ohorezko Mailan mantentzea. San Viator eta Zuri Baltza talde historikoak dira eta aurten Ohorezko Mailara bueltatu dira. Bilboko Rey Ardid talde historikoaren falta sumatzen da maila horretan. Hiru Euskal Liga irabazita dauzkate eta duela urte batzuk haiek ziren Grosen kontrario nagusiak. Egun, baina, ez daude euren une onenean; iaz maila galdu zuten eta aurten Lehen Mailan lehiatuko dira.

Lehen Maila horretan Iruñeko Oberena da faborito nagusia. Duela bi urte lortu zuen Ohorezko Mailara bueltatzea aise, baina 2007an, ezustean, jaitsi egin zen. Gros Bk eta Orvina Bk ere talde onak dauzkate, baina beren A taldeak jaisten ez badira -nekez gertatuko da halakorik- igotzeko aukerarik ez daukate. Beraz, igotzeko faboritoak, Oberenarekin batera, Urnieta eta Errenteriako Sustapen dira.

© berria.info